XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ARALARKO ARDIAK

Mikel, Mikel gurea, salba nagizu!

Artzaiek sundituta gelditu dira begien aurrean agertzen zaien ikuskizunarekin: Mikel goiangeruak ezpataz lepoa moztu dautso erensugeari eta lepo barruan irentsita zeuden kateak zatitu.

Mikelek gurutzea dakar burugaiñean.

Odolik gabe dagoz beera begira sorginkeri aren aurrean.

Lakuntzako Peru da bere onera lenen etorri dana: - Sakana libre da, Sakana libre da, erensugea akabatuta gero! Teodosio lurrean etzanda erensugearen alboan, kapusaia odol-zipriztiñez, oiñak eta eskuak aske kateak ebagi ondoren, arnasarik bueltatu ezinda eta bere penitentziaren azkenetan.

Kateak eten artekoa zan eta kateak etenda egozan... Biotz-biotzetik urten jakoz eskerrak Teodosiori, bene-benetako eskerrak Goiko Jaunari... Bitartean artzaiek inguratu jakoz eta euren esku aundiz bizkarra berotzen dautsoe zorionak emonez.

Onela berbatu jako Peru: - Zorionekoa zu, Teodosio, sinistu dozulako.

Sinismenak ekarri dautzu salbamena.

Sinismenez oiu egin dozu eta zure oiura Mikel aingerua etorri jatzu.

Zorionekoa milla bider, zorionekoa milla bider...!

Izan ere Lakuntzako Peru artzaia kristautasunez kutsututa daukazue eta itz-jario biurtu jaku; besteeri izua ez jake oraindik biotz-barrendik aldendu; baiña, ori bai, Teodosiori lagundu dautsoe eskuak eta oiñak kateetatik askatzen.

Ondoren Igaratzara eroan dabe, naiz-eta arek Goñira abiatu nai.

Bide luze ori egiteko atseden bat bearrezko jako eta orretarako festa bat antolatzea erabagi dabe artzaiek.

Beste ardi bat il eta festa ospatu.

Bigaramonean, gorputza apur bat sendoturik, bialdu eben Teodosio bere Goiñiko etxera Peruk Lakuntzaraiño bidean laguntzen dautsola...

Egia bazan, sartu dedilla kalabazan esaten da gure artean ipuin bat esan ondoren; baita sorgiñenak eta erensugeanak diranean ere.

Dana dala eta dena den ipuiñak esaten dausku Teodosio barriro zaldun gertatu zala eta bere esker ona erakusteko, arri landuz egiñiko elizatxo bat eregi ebala gertakizun onein oroigarri.

Gaurko egunez ere antxen dago Altxuetaren zabalgunean Teodosioren eliza.

Zortzigarren eunkian jasoa.

Polita benetan. Romaniko garbi-garbia.

Ez da ipuia, istori zeatza baiño.

An dago Mikel Deunaren irudia, gurutza burugaiñean duela.

Mikel Deuna Goikoari (In Excelsis) arrera ona egin eutsoen Sakana osoan eta Sakanatik, oligoa bezala, zabaldu zan Aralar inguru osora, Naparro eta Gipuzkoan zear, bere jaiera Euskadiko lurraldeak bete arte.

Jaiera orrek, lenengoaren gaiñetik, beste eliza aundiagoko bat jaso eban, txikia aundiaren sabelean kokaturik.

Amairugarren gizaldikoa.

Ederra. Erromaniko legeetara makurtzen dana eta napar erregeen jaiera aitortzen dauana.

Jaiera onen testigu eta lekuko ona Aralarko erretablo zoragarria, esmaltez egiña eta Bizanziotik ekarria.

Oraindik orain lapurtua, ez da geiago bere tokira biurtu, naiz-eta zati geienak berriro eskuratu agintariek.

Eliza txikian daude Teodosioren kateak erromes bakoitzak bere gorputzaren inguruan pasa oi ditunak gaitzak aldentzeko; baita burua sartu ere aldara ondoan dagoen zulo batean, Kredoa esanaz, buruko miña kentzeko.

Anton, Pello, Peru eta Preminen ondorengo artzaiak ikusi doguz Corpus-Christi egunean prozesiñorako palioa, guante zuriz estalitako atzamarrez eroaten.

Kixmi onartu eben, aztiak konforme izan ez arren.

Baiña, orduko eta aurreragoko kutsurik ez da galdu.

Zenbait siniskeri eta oitura zaar kristautasunaren magalean eldu dira gureraiño.

Triku-arriak, dolmenak, egin zituztenen semeak dozuz gaurko artzaiak, lengo mendietan bizi dira gaur ere eta lengo bizibidetik jaten dabe gaur ere ogia.

Aralarko mendiak, bere larrainetan, millaka asko ardi janaritzen ditu, eta ez gutxi larrabei, moxal eta urde.

Baiña, ez orain bakarrik, millaka urteetan baiño, gizaldietan zear.

Euskalerriko biotza dogu Aralar.

Maparen ardatzean dago.

Neurtu egizu Aralartik Zubero-Benabarra-Lapurdira, batetik; Naparroako egaletara, bestetik; Bizkai eta Arabako lurraldeetara irugarrenez eta ikusiko dozu mendi-kate au erdi-erdian dagoela.

Ez da bakarrik geografia aldetik; baita ekonomi eta kultura aldetik ere gure erriaren ardatza zan.

Ori garbi asko erakusten dauskue orain bost milla urteko trikuarriek.

Proporzioz, alkarren arteko gertueraz, ugaritasunez Aralar mendia da mendi guztien artean trikuarrietan txapeldun.

1933'garren urtean irurogei baiño geiago ziran ezagunak.

Arrezkero moltso aundia topa dabe.

Ugaritasun onek zera esan nai dau, orduko aberastasunak emen dagozela, aberea bait zan aberastasunaren neurria.

Artzaia dabillen tokian dago aberea, eta artzaien illobiak dira trikuarriak.

Illobi aberatsak.

Goiko larraiñetako illobiak.

Itsasaldean ez dago trikuarririk, orrelako neurrian beintzat; euren illobiak arpe-zuloetan egozan, pobretasun aundian.

Gerora, nekazaritza ugaritzen danean, orduan aberastasuna ibarretara jatsiko da; baiña, goikorik galdu gabe.

Goikoak eutsi dautso gaurdaiño.

Trikuarriak nabarmentzen dau zer lekuetan bizi zan bertan eortzitako artzaiña.

Ez goieneko tontorretan, beraxeagoko zeliagoneetan eta larraiñetan, baino: zortzireun metrotik millarako bitartean.

Belarrik gozoena dagoen tokia; gaztairik ederrenak sortzen dauzan lekua.

Eortzeko moda berriak eldu ziran euskaldunen artera eta trikuarriak zertarako ziran aaztu jaken gure artzaiñai.

Zertarako ziran ez ekien; baiña, misterioren bat gordetzen ebela, ori bai.

Trikuarri edo tregoarri izenak berak ere zeredozer adierazten; baiña, beste izen bat ere ipiñi eutsoen: jentilarri.

Jentillak gizandi indartsuak ziran eta goienetako besoetan eben euren egoitza; kristautasuna, berriz, erririk-erri zabaldu zan eta gero igon gaillurretara, Sakanatik Aralarrera.

Gertakizun onein lekuko dogu Mikel Deunaren zortzigarren eunkiko elizatxo polita.

ANES ARRINDA.